
Ozentziyo
Donostiako azken atunontziaren erreskatea

Donostiako azken atunontziaren erreskatea
Hona hemen Donostiako arrantza-ontzi baten erreskatearen historia, behinola, baxurako euskal flotaren parte gisa itsasoa zeharkatu zuen ontziarena. Bertan lan egiten zuten arrantzaleek, portu-ekosistema oso batekin batera, bizia eman zioten itsasoa eta komunitatea ulertzeko modu jakin bati. Protagonista anonimoek ehundutako ontziaren historia, gu garenaren baitan oraindik taupadaka dugun garaiaz eta izateko moduaz mintzo zaigu.
2015ean, Albaolak suntsipen seguru batetik salbatu zuen ontzia. Haren kroskoak balio handiko jakintza kolektiboa eta ondare tekniko eta humanoa gordetzen dituela jakinda, berriro itsasora bueltatzeko asmoz.

Xaxia: antzinako arrantza-artea
Donostiako portuko zurezko azken arrantza-ontzia da Ozentziyo, baita hegaluzea xaxian harrapatzeko antzinako arrantza-artearen azken protagonista ere. Itsasoa bizibide eta kultur bide izan zuten haiekiko errespetu-keinu bat da ontzi hau zaharberritzeko egindako lana.
Ondare-balioa eta balio sinbolikoa
Bai arrantza-ontziak berak, bai harekin lotutako erakusketak, agerian uzten dituzte ontziaren ezaugarriak, haren ingurunea eta hura definitzen duten teknika tradizionalak. Horrez gain, ulertzen laguntzen digute zergatik den Ozentziyo, gaur egun, baxurako euskal arrantzaren eta gure itsas ondarearen iraunkortasunaren sinbolo.


Bizitza berri bat Ozentziyorentzat
Zaharberritze integrala, urratsez urrats
Ozentziyo-ren berreskuratzea itsasontzia osotasunean hartzen duen prozesu konplexu eta zorrotza da. Lan honek egitura, barneko espazioak eta sistema teknikoak barne hartzen ditu.
Benetakotasuna mantentzea helburu duen lan artisau zein teknikoa da. Horrez gain, egonkortasuna bermatu eta funtzionaltasuna zein ondare-balioa berreskuratu nahi ditu.

1. Aurretiko prestaketa lanak
Prozesua itsasontzia baratu eta ontziolan egokitzearekin hasten da. Ontzia osorik hustu eta elementuak kentzen dira, egoera sakon ikertu eta esku-hartze bakoitza zehaztasunez antolatzeko.
2. Zurezko egitura berreskuratzeauctura de madera
Kroskoaren eta egituraren funtsezko elementuei eragiten die: saihetsak, habeak, bragerak, branka eta oholdura. Kaltetutako piezak konpondu edo ordezkatuko dira, sendotasuna indartu da eta oholdura osoa berriro kalapetatu da estankotasuna bermatzeko. Era berean, kubiertan, karelean, zintoietan, barandetan eta mastetan ere esku hartzen da, ontzigintza tradizionaleko teknikak errespetatuz.
3. Barruko espazioak eta ontziko bizitza
Zaharberritzearen barruan sartzen da atunontziaren eguneroko bizitza definitzen zuten espazioak berreskuratzea: sukaldea, jantokia, zubia eta barne-eremuak. Espazio horiek berrantolatu eta egokituko dira erabilera berrietarako, jatorrizko izaerari eutsiz eta egungo segurtasun- eta funtzionaltasun-irizpideetara egokituz.
4. Makina-gela eta sistema teknikoak
Ontziko sistema mekanikoak eta osagarriak berritu eta egokituko dira: motor nagusia eta auxiliarra, erregaia, txukatzea, suteen aurkakoa eta hidraulika. Helburua funtzionamendu segurua, egonkorra eta epe luzerako kontserbazioarekin bateragarria izango dela bermatzea da. Esku-hartze honek isuriak murrizten lagunduko du.
5. Aginte-zubia eta nabigazioa
Aginte-zubia berrikusi eta eguneratuko da, ekipo zaharkituak ezabatuz eta komunikazio-, nabigazio-, kontrol- eta alarma-sistemak txertatuz, ontziaren jatorrizko fisionomiarekin errespetuz integratuta.
6. Babesa, akaberak eta pintura
Prozesua amaitzeko, egurra babestu, eremu sentikorrak iragazgaiztu, eta kroskoa, kubierta eta zubia margotuko dira. Lan horiek ez dira estetikoak bakarrik: funtsezkoak dira itsasontzia denboraren joanetik eta itsas inguruneak eragindako kalteetatik babesteko.

Itsasora itzulera
Albaolak plan bat diseinatu du itsasontzia, behin uretan dagoenean, itsas ondare bizi bihurtzeko. Baliabide honek ezagutza, jarduera eta emozioa sortzeko gaitasuna izango du. Plana Albaolaren etengabeko ondare eta kultura berreskuratzeko lanaren baitan kokatzen da. Itsasora itzultzearekin batera, Ozentziyo tresna paregabe bihurtuko da kostaldeko arrantzaren memoria zaintzeko eta gizarteari sektore honi lotutako jakintzak, teknikak eta bizimoduak hurbiltzeko.
Itsasontzia komunikazio eta ikaskuntza gune bihurtuko da horrela. Bertan, ezagutza zuzenean eta esperientziaren bidez partekatuko da, iraganaren eta orainaren arteko lotura sendotuz. Aldi berean, belaunaldien arteko erreleboa bultzatu nahi da, arrantzako lanbideei lotutako bokazioak piztuz eta kostaldeko gure komunitateentzat funtsezkoa izan den lanbideari balioa emanez.
Ozentziyok gure arrantza-produktuak hobeto ulertzen eta estimatzen lagunduko digu.

Bidelaguna
TXISTU
Kaixo! Txistu dut izena eta urte askotan Ozentziyo izeneko itsasontzi batean bizi izan nintzen.
Askotan ikusten nuen egunsentia bere kubiertatik, Kantauri itsasoko kresala usaindu eta arrantzaleei laguntzen nien itsasoan igarotzen zituzten lanaldi luzeetan.
Gure historia kontatu nahi dizut: nire ontziarena, arrantzaleena… eta itsasoari begira bizi zen herri oso batena.
